XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bat sentimentala bait da, eta hala izanez hilko al da!.

Paperetik zeluloidera.

Bakoitzak bere legeak ditu, bere bidezidor eta gailurrak, neke eta atseginak.

Biak arte direnez, biak dira atsegin emaile, emozio iturri.

Baina modu desberdinetan, noski.

Papereko Domingok izaera jakin bat du, sikologia propioa, gorputza, baina ez dira ikusten, begiak ez du zer eginik.

Imajinatu egin behar bait ditu idazleak lehendabizi, irakurleak gero, izaera, sikologia eta gorputza.

Zeuk besterik esaten eta adierazten ez baldin baduzu, irakurlea aske da Domingo imajina dezan gizen ala haragitan urri, burusoil eta inpotente nahiz antzu, tripoi nola hanka planoko.

Domingo berori behin zeluloidean, nahiz egile beraren eskutik izan, ihar, serio, luze, Lazkaoko eta emakumeentzat dastagarri bilakatzen da.

Lehen imajinatu egin behar genuena orain ikusi egiten dugu, bere alderdirik ikusgarrienean: fisikoan.

Hortik segitzen da sarritan nobela bat zeluloidera pasatzearen arriskua.

Imajinazioa pluribokoa da, baita modu objetibo batez neurtezina ere.

Ikusmena bat eta unibokoa da, honen zentzu zabalenean.

Pluribokotasuna, beraz, beste tokiren batean aurkitu beharko da zinemagintzan.

Ez detailetan, ez zehazpenetan, ez plano bisual bakoitzaren tajukeran, plano guzti horien artean lortzen den puzzlean baizik.

Historia osoan baizik.

Elipsiek, isiluneek (ikusten ez diren elementuek, hain zuzen) garrantzi betea dutelarik planoen osaketa puzzletsu horretan.

Narrazioa eta deskribapena irudietan daude.

Elkarrizketak entzun egiten dira.

Sujerentziak elipsia eta isiluneetan daude.

Guzti horren aurrean, motor / acción esateko garaia baino askoz ere garrantzitsuagoak dira lehen osaketa literarioa (gidoia), hark emango dituenez ondoren errodajerako pautak.

Eta muntaiaren prozesua.

Bi une horiek dute antzarik haundiena idaztearen lanarekin.

Eta baita atseginarekin ere.

Errodajearen atsegina, sarritan, soziala delarik, estetikoa baino.

Ekipoaren, taldearen presentziak eta lan bati loturik ikusteak sortzen duen atsegina.